XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hots, batu egiten dira teknikarien erresuma produkzioan, eta teknikarien eginbidea gizarte-kontrolean: Mendebaldean, 200 edo 600 Multinazionaletako agintarien eta nagusien pean egiten da; Ekialdean, berriz, Alderdiko burokrata eta nagusien pean.

Ondorio lazgarria da, askoren ustez, kapitalismoa eta sozialismoa ez direla erakunde sozial posible bakarrak; teknofaxismo zentralizatu bat, non Estatuak hurbildik kontrolatzen bait du gizartea, hirugarren posibilitate bat bezala agertzen zaigu.

Hemendik ikusita, Ekialdeko eta Mendebaldeko Estatuen arteko liskarra ez da soilki edo nagusiki kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko gatazka, bi teknofaxismo militar eta industrialen arteko esperantzarik gabeko borroka baino.

Esperantzarik gabekoa diot, eta berehala damutu naiz.

Damutu, esperantza (utopia bezala) iraultzaren parte bat delako.

Aipatu dudan hipotesian, eta ikuspegi libertario batetik begiratuta, borroka iraultzailea ez da soilki ekonomiak bereizten dituen klaseen arteko borroka bat, baizik eta, batez ere, hierarkiak eta gizarte kontrolak elkarren etsaitzen dituen zapaltzaileen eta zapalduen arteko gatazka.

Eta gatazka hori ulertzeko, marxismotik atera beharra dago, beste erreferentzi puntuak hartu beharra, zerbait berri eta zaharren zain, zulotik aterako gaituen praktika baten bila ibili behar da...

Gero itzuliko naiz berriro puntu honetara.

Proletalgoaren iraultzazaletasuna Natorren orain Marxen kontradikzioetara.

Marxek egindako lanetan, gauza asko aurki daiteke; eta, beste irakurketa bat eginez, modu desberdin batez aurkez liteke proletalgoaren teoria: proletalgoa da, alde batetik, menperatua dagoena eta produkziobideen giltzarria bere eskuetan (nahiz eta horretaz ohartu gabe) daukana; era berean, horren kontzienzia hartzen ari den klasea dugu langileria.